Nola kudeatuko dut nire elikadura gabonetan?
Abenduko bigarren hamabostaldian barneratu gara iada eta gabon usaina gero eta sakonagoa da. Pertsona batzuek elikadurari dagokionean beldurra izaten diete egun hauei, baina hau ez pasatzeko, ahalik eta gehien disfrutatzeko eta erruduntasun sentsazioa alde batera uzteko aholkutxo batzuk emango dizkizuegu gaurkoan.
Pertsona bakoitzak modu desberdina dauka egun hauek ospatzeko. Baina denetan nabarmendu beharreko kontua malgutasuna izango da. Bizitzako beste esparru batzuetan bezala muturreko egoerek antsietate egoera batera eraman gaitzakete eta horregatik horrelako egoeren aurrean, malgua izaten ikastea lagungarria izango da. Batzuen kasuan, zuek erabakitzen duzue zer jango den, eta kasu horietan errazagoa izan daiteke zuen plateretan ukitu osasuntsu bat sartzea, intentzioa hori bada behintzat. Hautu horretan elikagai osasungarriz osatutako errezetak egin ditzakezue eta erosketak egiterako orduan aukera edo trikimailu bat, kopuruak ondo neurtu eta beharrezkoa dena erostea soilik izango da, hurrengo egunetan soberan ezer geratu ez dadin.
Beste batzuen kasuan, ez duzue menua erabakitzeko aukerarik izaten, etxetik kanpo jatean menu itxiak jaten dituzuelako edota beste norbaiten esku dagoelako elikagai horien hautua. Egoera honetan bazaudete lagungarriak izan daitezke segidan azalduko ditugun aholku hauek. Lehenik eta behin lagungarria izaten da egutegia hartu eta bertan zer egin planifikatzea zuen helburua eta ekintza plana ondo zehaztuz. Eta planifikazio hori egiterako orduan milaka aukera daude, guk bi aukera idei posible planteatuko dizkizuegu guztiz onargarriak eta egokiak direnak. Aukera posible bat eta batzuek nahiago izaten duzuena otordu nagusi horiek ditugun egunetan momentuko apetei erantzutea izaten da, zuen planifikazio osasuntsuaren parte delako hori eta urtean zehar bizi estilo egoki bat eramaten duzuelako aurrera. Baina beste batzuek agian, jatekoarekin beste modu batera disfrutatu nahi duzue, jaten duzuen horri jaramon eginez, zuen gorputza entzunez eta gehiegikeriarik egin gabe, baina askotan janaria aurrean izanda eta denak jaten ikusita ez da hain erraza izaten. Kasu horietarako hemen dituzue zenbait tip:
- Otordu nagusira gose handirik gabe joateko, aurreko otordua elikagai osasuntsuz osaturikoa izan dadila eta aseta utz zaitzala.
- Dauzkagun aukeretatik erabaki zenbat lehen plater eta postre jango ditugun eta gure platerera zerbitzatu, horrela mahaitik baino modu kontzienteago batean jango dugu.
- Plater nagusiaren errazioa, egunerokotasunean zerbitzatuko genukeenaren antzekoa izatea, azken finean lehenago jandakoarekin ere asetuko baikara.
- Otordua hasi baino lehen interesgarria izaten da alboko pertsonei nahi ez baduzu janari gehiago ez eskaintzeko esatea zure egoera eta nahiak ongi azalduz beraiek ulertu dezaten.
- Bestalde gorputza entzuten ere ikasi behar dugu, gure gorputzaren asetasun maila identifikatzen joateko.
- Nahiz eta konpromiso desberdinak izan, kirola egiteko ere tartetxo bat hartu dezakegu, betiko kirolez gain, familiartean irteeratxoak egin eta naturaz zein argiz betetako kaleez gozatzeko.
Eta garrantzitsuena D I S F R U T A T U!