Ze snack aukeratu dezaket oporretan osasuntsu jateko?
Hasi da atzerakontua! Oporrak gero eta gertuago ditugu eta gutariko asko azken orduko planak prestatzen gabiltza. Non igaroko dituzue atseden egun hauek? Hondartzan, mendian, hiriren bat bisitatuko duzue edo zuen herrian geldituko zarete?
Eta elikadura aldetik, nola espero dituzue? Oporrak disfrutatzeko dira jakina, baina modu asko daude disfrutatzeko eta horietako bat osasuntsu jaten disfrutatzea da malguak izaten jakinda jakina!
Gaurko honetan, udan elikadurarekin ahalik eta harreman egokiena izateko erramintak ematen saiatuko gara. Lehenik eta behin, beti aipatzen dizuegun bezala norberak bere helburua zehaztu beharko du eta helburu horrek osasuntsu jatea hartzen badu beregain hau da egin dezakezuena: Hemen dituzue proposamentxo batzuk.
Etxean beti errazagoa da ondo jatea, gomendagarriena produktu desegokiak bertan ez izatea eta fruta, fruitu lehorrak… eskuragarri izatea da. Baina zer egin dezakegu etxetik kanpo planak egiten ditugunean?
Esaterako beti aukera egokia izango da goazen lekura goazela frutaren bat eramatea. Gosez bagaude, asetasuna eragingo digu, egarria badugu, hau arintzen lagunduko digu eta horrez gain, gure gorputza nutriente egokiz hornitzen ibiliko gara. Batzuetan nagikeriagatik fruta jatea kostatzen bazaigu, erosten dugun egunean, dena txikitu eta tupper batean gordetzea aukera egokia izaten da, jateko momentuan bertan atera eta gehiago egin beharrik ez izateko.
Beste alde batetik, fruitu lehorrak ere eraman ditzakegu. Oso errazak dira poltsan eramateko edo goazen lekura goazela garraiatzeko. Hauetan bai, kontuan izan beharko dugu osagaien zerrenda. Egokienak gordinak edo txigortuak izango dira, gatzik, azukrerik, eztirik eta tankerako produktu gehiturik gabeak. Hauetariko zein duzue gustokoen?
Bestalde, kalitatezko ogiarekin egindako tostak eramatea ere ondo dago. Gazta freskoarekin, tomate xerraren batekin, ahuakatearekin, fruitu lehorren kremaren batekin, arrautzarekin…
Txitxirio hummusa barazki makiltxoekin edo kalitatezko ogi makiltxoekin, etxean egindako bizkotxo edo gailetak, hozkailutxoa eraman ezkero txokolate beltza, jogurta naturalen bat…
Baina askotan jatekoa hobetzeaz gain edaritarako eramaten duguna ere hobetu dezakegu. Ohitura handia dugu azukredun edariak eramateko baina badaude aukera gehiago eta osasunarentzat askoz egokiagoak.
Esate baterako, ura beti hautu paregabea da baina zapore eta bizitasun handiagoa emateko, frutaren bat gehitu diezaiokezue, adibidez laranja xerrak, limoi birrindua, masustak…
Probatu dituzue inoiz infusio edo te hotzak? Azken finean berdinak dira baina izotza gehituta eta egun berotan askoz hobeto sartzen dira. Kafea ere eraman edo kontsumitu dezakegu baita gazpatxoa eta salmorejoa ere.
Beraz ikusten duzuen bezala nahi izan ezkero oporrean snack osasuntsuak egitea ez da hain zaila. Honek ez du esan nahi, egun konkretu batzuetan gure helburua bestelakoa izan daitekeenik eta egun horietan elikagai ez osasuntsuak jatea erabakitzen badugu modu berdinean disfrutatu dezakegunik. Horrek, elikadurarekin dugun harremana, sanoa eta egokia dela esan nahiko duelako.