Nola kudeatuko dut elikadura berrogeialdian?
Nola kudeatuko dut elikadura berrogeialdian?
Askok buruan izango duzuen kezken artean, elikadura kudeatzearena egongo da seguraski. Normalean askori etxera iristen garen momentu hori egiten bait zaigu zailena elikagai ez hain osasuntsuak jateari dagokionean. Eta orain 24 orduz etxean egon behar?
Egoera hori ahalik eta modu hoberenean igarotzeko, hainbat aholku emango dizkizuegu jarraian.
Norberaren helburuak zehaztea izango litzateke lehenengo pausua. Hau da, nire etxeko egonaldia nolakoa izatea nahi dudan aurreikusi eta baliabideak jarri halakoa izan dadin. Elikadurari arreta jarrita, garrantzitsua izango da lehenik eta behin etxean dudanetik abiatzea aprobetxamendu handiena emateko janariari. Eta hori jakinda, asteko otordu planifikatzaile bat hartu eta bertan otordu bakoitzean jango dudana eta bakoitzaren ordutegia jarri ditzaket.
*Behean duzue erabili dezakezuen planifikatzaile txantiloi huts bat.
Hori horrela, erosketa zerrenda egitera abiatu naiteke. Planifikatu dudan honetatik, zer falta zait errezeta hauek prestatu ahal izateko? Erosketak egitera goazen bakoitzerako, nahiz eta berrogeialdia ez izan, erabilgarria izango da erosketen zerrenda eginda eramatea. Horrela, beharrezko ditudan gauzak bakarrik erosteko probabilitatea handiagoa izango da zerrendarik egiten ez badut baino, nahiz eta askotan zerrendatik at dagoen zerbait erosi.
Eta behin otorduen planifikazioa eta erosketak eginda ditudala, kozinatzeko txandak planifikatzearen ordua izango da. Hemen kontuan hartu beharko genituzke espero ditugun egunak. Izan ere, egun guztia etxean egoteak, ez du esan nahi munduko denbora libre guztia dugunik, beraz honi ere tartetxo bat ateratzea eta gure lehentasunen barnean jartzea garrantzitsua izango da.
Azkenik, gure helburuak zehazteko orduan, hainbat puntu izan beharko genituzke kontuan. Alde batetik, errealak izatea bermatu beharko dugu. Esaterako ez ditugu errezeta zailak eta luzeak direnak jarriko kozinatzea gorroto badugu. Gustukoak izateak ere, berebiziko garrantzia izango du, orburuak gustatzen ez bazaizkit, nahiz eta oso osasungarriak izan, ez ditudalako disfrutatuko eta horrek planarekiko dugun adherentzia murriztuko duelako. Bestalde, errezeta berriak probatzeko momentu on bat izan daiteke. Baina denak egun berdinean ez egitea gomendatuko genizueke. Noizean behin egitea denboran iraunkorragoa izango da eta horrela “normaltasuna” hasten denean eguneroko ohituretan txertatzeko errezeta gehiago izan ditzakezue. Azkenik, garrantzitsua den beste puntu bat, “bizioei” gure planifikazioan tartetxo bat egitea izango da. Errealistak bagara, eta egoera berezi batean gaudela kontuan hartuta, armairuan tentazioa eragiten digun elikagai konkretu bat badugu, gure burua hura ez jatera derrigortuta antsietatea areagotzen ibiliko gara. Eta kontzienteki jateko baimena emateak aldiz, lasaitasuna eragingo du gure barrenean eta antsietate maila hobeto kudeatzen lagunduko digu.
Kontuan hartu behar baitugu elikatzea ez dela zuria edo beltza den kontu bat, mila faktorek baldintzatzen duten zerbait da eta egunero egiten duguna da kontuan hartu beharko genukeena eta ez aldiz, egun konkretu batean egin edo jan dezakeguna.
on ekin nutrizioa