Ogia jateko ohitura duzu?
Gaur egun Europako dieta tradizionalean hain ezaguna zaigun elikagai hau, historiaurretik daukagun zerbait da. Kulturalki oso ohituta gaude gure egunerokotasunean kontsumitzera, bai otordu nagusiak laguntzeko eta gosari, hamarretako eta meriendaren osagai nagusi gisa. Baina konsumo honen arazoa, maiztasuna baino askotan, kontsumitutako ogi horren kalitatea izaten da.
Lehenik eta behin, batzuek aurkakoa pentsatzen duten arren, ez da beharrezkoa elikadura patroi osasungarri bat aurrera eramateko. Ogirik jan gabe ongi bizi gaitezke, baina hain gaude ohituta, askotan ez zaigula burutik pasatzen alde batera uztea edo kopuruak txikitzea.
Bestalde, guk “ogia” deitzen diogun hori “ogia” al da benetan? Zeren kalitate baxuko ogi zuria gustatzen zaion horri, gustatzen al zaio kalitatezkoa eta %100 integrala den ogia? Beraz zer gustatzen zaigu ogia edo ogia deitzen diogun produktu ultraprozesatua?
Egia esan, ez da batere erraza gure inguruko okindegietan kalitatezko ogiak aurkitzea eta horrek normala den bezala dagoena erostera eramaten gaitu. Hala ere, geroz eta ohikoagoa da inguruan ogia egiten duen norbait aurkitzea eta enkarguz erostea. Ogi bakoitza garestiagoa izaten da baina xerratan moztuta aste guztirako irauten du eta osasunean inbertitzea izango litzateke.
Baina ba al dakizue zer izan behar duen ogi batek osasungarria izateko? Lehenengo eta behin, ogi batek izan beharreko osagaiak behar ditu soilik. Azukrea, koloratzaileak… dituzten ogiak aurkitzea ez baita batere arraroa. Beraz, irina, legamia, ura, (gatza) eta (olioa) erabiltzearekin nahikoa litzateke. Irinaren kasuan integrala eta ahalik eta prozesamendu gutxien izan dituena izan beharko da. Integrala izatean, zerealaren kanpoko azala izango du eta bertan zuntza, asetasun sentsazio handiagoa eragingo diguna, mineralak eta bitaminak aurkituko ditugu. Gaur egun, nahiz eta garizko irina erabiltzea den arruntena, irin mota gehiago jarri dira modan, espelta, zekale eta artoa esaterako.
Eta kolore iluna dutenak osasungarriagoak al dira? Kolorea ez da osasungarria izatearen adierazgarri. Izan daiteke, irin mota bat kolore ilunagokoa baina kalitate baxukoa bada ez da ona denaren seinale. Beraz zalantza guztien aurrean osagaien zerrenda irakurri beharko genuke elikadura industriaren trikimailuei kasurik egin gabe.
Eta zuk non erosten duzu ogia? Kalitatezkoa al da? Edo etxean egiten duzu? Eta hala bada ze osagai erabiltzen dituzu?