Nola jan dezaket jogurt osasuntsu bat?

Fijatu al zarete inoiz zenbat “jogurt” mota dauden supermerkatuko esnekien atalean? Baina benetan jogurtak al dira edo “jogurt” deitzen diegun produktuak dira? Zer izan behar du produktu batek “jogurt” gisa izendatzeko?

Galdera hauen guztien erantzuna bilatzeko, jogurta egiteko erabili beharreko osagaiak zeintzuk diren jakin beharko genuke. Produktu hau egiteko, ugaztun baten esnea (behiarena, ardiarena, ahuntzarena…) eta hartzigarri laktikoak soilik behar ditugu. Hau da, hartzigarri hauek esnearekin nahasten direnean, tenperatura egonkor batean denbora bat utziz esnearen ehundura aldatzea eragiten dute eta solido bilakatzen da esnekia. Beraz prozesu horren emaitza izango da jogurta eta ez du beste ezer behar.

Gaur egun baina, supermerkatuetako esnekien atalera joan eta milaka zapore, ehundura, kolore eta tamainatako “jogurt”ak aurkitu daitezke. Baina zer dira benetan? Beti diogun bezala, osagaien zerrendan fijatu beharko gara. Aurretik aipatutako osagaiez gain badaude batzuk azukrea, gozogarriak, koloratzaileak eta beste hainbeste osagai dituztenak eta horiei jogurta beharrean postre gozo deitu beharko genieke. Osasungarrienak, zaporez naturalak direnak izango dira eta horien zaporea mingotsegia iruditzen bazaigu etxean gozotu ditzakegu fruta desberdinak erabilita. Eta oraindik ere zapore horretara ohituta ez bagaude, azukre pixka bat bota diezaiokegu eta gutxinaka gutxinaka azukre gehitu horren kopurua murrizten joan gaitezke gure ahosabaia azukre gabe jatera ohitzen den arte.

Adibidez hau jogurta da ala postre gozo bat?
Osagaiak: LECHE parcialmente desnatada, azúcar, puré de fresa (3%), almidón modificado de maíz, sales de calcio, aromas naturales, zumo concentrado de limón, concentrado de zanahoria negra, estabilizante (goma guar), fermentos lácticos y vitamina d.

Bestalde, esan beharra dago esnekiak ez direla beharrezkoak elikadura egoki bat aurrera eramateko orduan, hauek gabe bizi gaitezke eta kaltzioa beste iturri batzuetatik eskuratu dezakegu. Gainera, egun badaude edari begetalekin egindako jogurtak baina hauek ere osagai gisa edari begetala (oloa, soia, kokoa) eta hartzigarri laktikoak behar dituzte soilik.

Badakizue nola egin ditzakegun etxean jogurtak jogurtera batekin?

Lehenik eta behin, esnearekin egindako edo landare jatorriko jogurt bat beharko dugu eta esne edo edari begetal litro bat. Jogurt hori, jogurterako ontzitxoetan banatuko dugu, bakoitzera koilarakadatxo bat botaz. Gainera, esnea edo edari begetala gehituko dugu ontzia bete arte, tapa jarri eta jogurtera martxan jarriko dugu 8-12 orduz tenperatura egokian hartzidura prozesua eman dadin.

Animatzen zara etxean jogurtak egitera eta egunero gure elikadura hobetzeko pausuak ematera?