Nahiz eta zerura begiratzean ez antzeman, ekainaren 21a dugu eta gezurra badirudi ere uda da! Gainontzeko urtaroekin konparatuta zailagoa izaten da ohitura osasungarriak aurrera eramatea baina ez da ezinezkoa.

Horretarako gomendio txiki batzuk emango dizkizuegu gure ustez lagungarriak direnak, ongi sentitzeko eta batez ere burua eta gorputza osasuntsu mantendu nahi baditugu.

Trikimailu on bat, gure egunak planifikatzea da. Asteroko planifikazioa egitea esaterako ondo egongo litzateke. Adibidez igandeetan tartetxo bat hartu, egutegi baten aurrean jarri eta astea aurreikusi dezakegu. Seguruena egun batzuk aurretik planeatuta izango ditugu, irteerak egiteko, etxetik kanpo bazkaltzeko, kontzerturen batera joateko… Baina beste batzuetan ez dugu lehenagotik jakingo zer egin. Beraz hori guztia batuko dugu egutegian eta zer egin erabakiko dugu.

Gogoan izan behar da gure osasun egoera egunerokotasunean egiten dugunaren ondorioa izango dela eta ez egun konkretu batean egiten dugunarena. Horregatik nahiz eta egun batzuetan badakigun normalean jaten ez ditugun elikagaiak jango ditugula (ez hain osasungarriak), besteetan gure ohiturekin jarraituko dugu, horregatik besteak bezain garrantzitsu gisa markatuko ditugu egutegian.

Zertan lagunduko digun honek? Alde batetik, gure astea nolakoa izango den ikusten eta orden bat mantentzen. Bestalde flexible izaten, badakigulako astean zehar ariketa fisikoa egingo dugula eta ongi elikatuko garela. Eta ondorioz garrantzitsuena, ez gara egin dugunaren errudun sentituko, aurretik guk kontzienteki erabakitako astea izan delako eta guk geuk markatu ditugulako lehentasunak.

Uda zoriontsua guztiontzat!