Udan murgilduta gaudela nola ez dugu ba entsaladei buruz hitz egingo? Egia esanda, osagai edo elikagai desberdinak hartu eta nahastea besterik ez da entsalada, ondoren gatzozpindu eta hamar minutu baino gutxiagoan prest! Eta nori ez zaio egun bero hauetan ondo sartzen?

Baina zuek nola prestatzen dituzue? Nahasketa eta konbinaketa berriak probatzearen aldekoak zarete edo nahiago duzue tomatea, kipula eta letxugaz egindako entsalada tradizionala jan?

Gaurkoan entsaladari botatzeko hainbat ideia emango dizkizuegu “on eKin nutriziotik”, ahalik eta goxoena, dibertigarriena eta gustukoena izateko eta nutrizionalki ere aberatsa izan dadin.

Lehenik eta behin oinarri gisa orri berdeko barazkiak jarri ditzakegu, letxuga, espinakak, eskarola, kanonigoak, kale aza, endibiak, rukula… Ur iturri paregabea dira eta gainera aberatsak dira antioxidatzaileetan.

Gainetik, beste mila barazki eta tuberkulo botatzeko aukera dago. Honek nutriente ekarpen handiagoa emateaz gain bizitasuna emango dio plater honi. Esaterako, tomatea, kipula, azenarioa, kalabazina, kalabaza, erremolatxa, porrua, zainzuriak, perretxikoak, patata edo batata, piperra… Gainera ez daukagu zertan hauetako bat bakarrik aukeratu, bakoitzetik pixka bat botata mila koloredun bazkari oso bat prestatzea lortuko dugu.

Bestalde, frutak ere aukera bikaina dira. Zapore ukitu desberdin bat emango baitiote agian jatera hain ohituta ez gaudena. Askotariko frutak aurkitu ditzakegu gainera udan;  marrubiak, gereizak, melokotoia, madaria, masustak, okaranak…

Eta askotan aurreko bi elikagai taldeak bakarrik gehitzen dizkiogu eta gehienez pasta pixka bat. Baina entsaladari kate luzeko karbohidratoetan eta proteinetan aberatsak diren elikagaiak sartuta, plater oso bat jatea lortuko genuke eta otodu horretan plater bakarra janda nahikoa izango genuke gure otorduko beharrizan nutrizionalak betetzeko (aholku orokorrak dira).

Zereal integralak esate baterako, kate luzeko karbohidratoetan dira aberatsak, arroz integrala, pasta integrala, artatxikia, kinoa, artobeltza, kuskusa, artahia… energia emango digutenak izango dira hauek.

Bestetik, proteinetan aberatsak direnak arrautza, lekaleak, haragia, arraina, tofua, gazta… izango dira.

Azkenik gehigarri gisa eta oraindik eta konpletoagoa izateko, kimuak (soja, dilista), fruitu lehorrak, haziak (sesamo, kañamo…), espeziak, belarrak… gehitzea posible dugu eta honekin guztiarekin eta olio ozpinarekin, gantz osasungarriak gehituz, egundoko entsalada paregabea egitea lortuko dugu.

Zer iruditzen zaizue? Gauza berriak probatzeko erronka honetan parte hartzeko prest? Kontaiguzu zure entsaladari zer botatzera ausartu zaren!

On eKin!