Zer aukeratu dezaket etxetik kanpo jaten dudanean?

Uda giroan murgilduta gaude iada. Nahiz eta aurtengoa zertxobait arraroa izan eta plan batzuk egiteko aukera txikiagoa eduki, sarritan jarraitzen dugu etxetik kanporako otorduak egiten. Baina askotan ez dakigu zer hartu aukeraketa egoki bat egitea baldin bada gure helburua.

Hori dela eta guk ideia zerrenda bat proposatuko dizuegu zuen hautua egiteko erraztasunak izan ditzazuen.

Egia da, gure inguruko hainbat tabernetan ez dela oso erraza aukeraketa egokiak egitea aspertu gabe. Eskuragarritasuna edo aukeratzeko dugun produktuen zerrenda oso txikia izaten da eta jende asko tabernatik tabernara joatera ohituta dagoenez, lau dira eskatu daitezkeen edari osasungarriak.

Baina taberna batera zerbait hartzera goazenean, edari bat aukeratzeko trikimailu hau erabili dezakegu: AZUKRERIK EZ eta ALKOHOLIK EZ. Horrela, nahiz eta aukerak asko murriztuko diren, gure gorputzarentzat kaltegarriak izango diren produktu bi alde batera uzten egongo ginake.

Baina orduan zer kontsumitu dezaket?

Adibidez, aukera egokiak izan daitezke honako hauek:

  • Kafea edo deskafeinatua esnea edo edari begetalekin. Izotzarekin edo beroa eskatu dezakegu.
  • Infusio desberdinak izotzarekin edo izotzik gabe.
  • Aukera baldin badago frutekin egindako zukuak.
  • Aukera baldin badago frutekin egindako irabiakiak.
  • Ura frutarekin (ura limoiarekin, ura laranjarekin…)
  • Gasdun ura frutarekin.

Eta ze pintxo dira “onenak” ?

Hemen ere, pintxo “okerrenak” alde batera uzteko eta “onenekin” gelditzeko trikimailua erabili dezakegu. Esaterako, hiru puntu hauek kontuan hartzea: FRIJITURIK EZ izatea, SALTSARIK EZ izatea eta ahalik eta OGI GUTXIEN izatea. Hortaz hoberenak:

  • Tortilak (era guztietakoak, maionesa eta saltsak kenduta), atun tortila, urdaiazpiko tortila, bakailu eta baratxuri tortila
  • Gildak, olibak …
  • Olagarro pintxoak
  • Urdaiazpikoarenak
  • Txanpinoiak

Eta ogitartekoa aukeratzen badugu zein izango da hoberena?

Ogitartekoa aukeratzerako orduan ere, goiko puntu berdinak jarraitzen dituen trikimailua erabili dezakegu.Esaterako:

  • Tortilak
  • Haragia piperrekin (oilasko paparra, solomoa, xerra…)
  • Urdaiazpikoa
  • “Pantumaca”
  • Begetalak baina maionesarik gabe

Hemen adibidez trikimailu on bat, ogiaren erdia ez jatea izango da eta tosta izango balitz moduan jatea. Askotan aurrean dugulako jaten dugu ogi kopuru hori eta ez benetan gose garelako eta erdiarekin soilik probatu dezakegu eta ikusten badugu asetu garela beste erdia platerean uztea izango da hautu egoki bat.

Lehen aipatu bezala, hau guztia helburuaren araberakoa izango da. Kontuan hartuko dugu zenbat aldiz joaten garen esaterako astean tabernara. Oso gutxitan joaten bagara eta egun konkretu bateko kontua bada, gehien gustatzen zaizuena hartzea gomendatuko genizueke, beti esaten dugun moduan egun konkretuetan egiten denak ez duelako gure osasunean horrenbeste eragiten eta batzuetan elikagai ez hain osasungarriak jaten disfrutatzea izan daiteke markatutako helburua.